XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SANTUTXU EUSKALDUNENTZAT BILGUNE IZAN NAHI DU

Mahatserrikoen euskal aldizkaria

SANTUTXUKO auzoa erdalduna dela ez du inork ukatzen, Bilbo guztian konstante bat baita egoera hau.

Halere euskarak eta euskal munduak presentzia nabarmena du Bilboko ingurune hortan.

Santutxuko bertso eskola Bilboko bakarra izateaz gain, hainbat ekintzaren ardatz ere bada. Beren Beregi kultur aldizkaria ere kaleratzen da Iñaki Aurrekoetxearen eskutik, eta Urtzi Urrutikoetxea bezalako idazle gazteak ernaltzen dira noizbehinka, asfaltoaren ertzean.

Oraingoan beste horrelako kasu batekin gatoz asteroko Ortzadar ibiltari honetan, Mahatserriko aldizkari berriarekin.

Berton du izena eta publikazioaren ardura daraman jendearentzat Santutxuko euskaldunen bilgune izan nahi du, euskaldunen artean komunikatzeko beste tresna bat

Aitziber Laskibarrek betetzen ditu zuzendari lanak baina bere ondoan hainbat kolaboratzaile bildu ditu, produktua borobiltzeko eta aberasteko asmoz. Urtzi Urrutikoetxea, Unai Cuevas, Arrate Díez eta Zuriñe Uriarte batipat.

Urte beteko jarraipenaren ondorioa da Berton hilekaria: Arrasate Press, Bizarra Lepoan eta Iparraldeko Ttipi-Ttapa aldizkarien antzeko zerbait egin nahi dugu, jendeak duen informazio hurbil hori euskaraz eskainiz edo emanez.

2.000 ale dohainik

Bi mila ale banandu dituzte Santutxuko ingurunean, denak dahainik. Gure asmoa harpideak egitea da, zenbat eta gehiago hobe, eta horretan botako ditugu indarrak, jendearen atzetik ibili beharra baitago, bestela nekez konprometitzen dira azaltzen zigun arduradun gazteak.

Finantzabideak ere urriak dira momentuz eta publizitatean aurkitu dute euskarririk garrantzitsuena.

Instituzioetako laguntzak etortzen diren bitartean horrela funtzionatu beharko dugu; nik uste badagoela potentzial bat, euskaldunak hain zuzen, ikastoletako gazteak, txokoetako jendea etabar esplikatzen zuen Urtzi Urrutikoetxeak ere.

Urtero hamaika ale ateratzeko asmoekin jaio da Berton aldizkaria eta helburuak, herri aldizkari gehienen antzera, informatiboa izatea eta euskara bultzatzea dira.

Gauza erraz bat izango da, egunkarietan aurkitzen ez dituzten gauzak, auzoko arazoak eta notiziak, era guztietakoak Leioako Fakultatetik ateratako jendeak eta auzoan bildutako gazteriak osatzen du erredakzio taldea, gogo-biziz ari den taldea.

Erredakzio talde bezala asko zabaldu gara eta talde aberatsa dugula esango nuke; dena den askotan nahi dituguzan medioak ezin ditugu eskuratu: argazkilariak, publizistak etabar botatzen ziguten aldizkariko arduradunek.

Pertsonalitate bila

Herri aldizkarien lana positibotzat jotzen da eta guk ere hala dela uste dugu, nahiz eta gehienetan defizitarioa izan, batez ere laguntzarik jasotzen ez denean azpimarratzen zuten Berton aldizkarikoek.

Orain beraien aldizkaria ezagutarazi nahi dute, batez ere auzoko euskaldunen artean: Jendeak ez gaitu oraindik ezagutzen, ez du erreferentzia garbi bat gutaz ez baitugu gauza potenterik egin oraindik, ez kultur asterik ez horrelakorik. Hori da gure erronka orain.

Horretarako astero biltzen dira, berezko dinamika hartu arte, euskararen alde lana egiteko prest.

Informatiboa izan dadin ahaleginduko gara, herri aldizkarien filosofiari eutsiz